XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Egoera sozial errealen antz garbia duten ihardueratan, ikasleek sarritan ez dute inoren oharrik beharko; hitzegiteko eran automatikoki rol sozial egokia hartzen saiatuko dira.

Hau ez da harritzekoa, zeren eta beren ama hizkuntzatik badakite hizketa guztiek dituztela inplikazio sozial eta funtzionalak eta azken finean onargarritasun soziala eta eraginkortasun funtzionala izan behar dituztela helburutzat.

Garrantzitsua da gogoan izatea (3. kapituluan adierazi dudan bezala), komunikazio funtzionalaren eta elkarrekintza sozialeko ihardueren arteko bereizketa ez dela guztiz zorrotza, enfasi desberdinaren kontua baizik: ikasleek iharduera batean faktore sozialei ematen dieten garrantzi zehatza, ikasle indibidual bakoitzak determinatzen du.

Era berean, onargarritasun soziala ez da ezaugarri finkatua, erabiltzen den erizpidearen arabera, aldakorra baizik.

Ikasle hasberri batentzat, iharduera komunikatibotan diharduenean maila egokiko zuzentasun gramatikala lortzea soilik esan nahi izan dezake.

Ikaslea aurrera doan neurrian, gero eta gehiago esan nahi izango du komunikazioa gertatzen den egoera konkretuan egokia den hizkera produzitzea (formalitate-mailan, adib.).

Kapitulu honetan aztertuko da nola presta ditzakeen irakasleak bere ikasleak, hauek ikasgelatik kanpoko zenbait testuinguru sozial desberdinetan iharduteko.

Lehenik, hala ere, ikasgela bera hizkuntz erabilerako testuinguru sozial bezala kontsideratuko da laburki.

5.2. Ikasgela testuinguru sozial bezala
Ikasgela, sarritan, hizkuntza arrotz bat ikasteko eta erabiltzeko ingurune artifiziala dela esaten da.

Ikasleak ikasgelatik kanpo dauden egoeretarako prestatu nahi ditugunez, eta egoera horiek hartzen baditugu erreala zer denaren erizpide bezala, lehen esan duguna egia da zalantzarik gabe.

Baina ez genuke ahantzi behar ikasgela bera ere testuinguru sozial erreala dela, ikasleak eta irakasleak elkarren arteko harreman sozial errealak dituztelarik.

Egia da hizkuntz irakaskuntzak ikasleak ingurune desberdinetarako ekipatzea duela helburutzat eta hauek geroago ez dutela, esate baterako, galdetu non dagoen klariona edo azaldu zergatik beraien etxeko lana atzeratu den erabiltzeko arrazoirik izango.

Baina, antzeko hizkuntz formetan oinarritzen diren eta agian hiztegi-elementu indibidualetan soilik desberdinak diren, lekuei buruz galdetu edo eskaini argibideak erabiltzeko beharra izango dute.